Sigi-saga doa ontzia sugea baino baino okerragoa den ibaiaren gainean. Bisatuak utzi dizkidan 28 egunak agortu ondoren, bihar aldentzekotan naiz hain goxo onartu nauen herri honetatik eta azkenekoz ari naiz Birmaniako ferry zikin eta jendetsu bateko lur gogorrean gaua pasatzen. Gogoz kontra eta derrigortua banoa ere, zoriontsu sartuko naiz bihar hegazkinean, motxila esperientzia polit askoz zamatu dudala jakinaz. Atzean utzitakoa, dagoeneko denborak jan duelaz jabetzen naiz, eta jakin badakit ere, ezagutu dudan Birmania berdinera ez naizela sekula itzuliko. Horregatik, aro bat bukatzerakoan jarraitu behar den idatzi gabeko legeari kasu eginez, azken hilabete honen balantzea egiteko ordua da, bizitakoari azken errepasoa egitekoa. Koaderno osoa beharko nuke onerako edo txarrerako harritu nauten gauza guztiak idatzi nahiko banituzke. Baino loak hartzen nauen arte behintzat haietako batzuk gogorarazi nahiko nituzke.
Agian baikorra naizelako edo beharbada, garunean hobeto gordetzen direlako, bizipen zoriontsuak etorri zaizkit lehenengo burura. Gauerdian, kulunkan zebilen tren batetik ilargiak zuen kafesne koloreaz akordatu naiz; edo fisikaren legeak desafiatuz, tenperatura zeharo baxua zela, Inle lakuak egunsentia baino lehen zuen berun urtuaren kolore eta itxuraz. Birmaniako bi eremu turistikoenak lotzen zituen autobus bidaiak ere biziki harritu ninduelaz gogoratu naiz, zaila da Bilbo eta Donostiaren arteko bidea egiteko autobus batek zortzi ordu behar dituela imajinatzen, are gehiago, ibilgailua azalore, monje zein sabaiaren gainean zihoazen dozena bat nekazariekin banatu behar bada. Orwellek Los dํas de Birmanian jasotakoa nire begiez ikustea edo linterna eskuetan neukala, Bagango milaka tenpluak esploratzen Indiana Jones nintzela sentitu nituenekoak ere etorri zaizkit burura. Baino agian, shock-ik handiena eragin didana, herrialde honetan izan nuen lehen esperientzia izan zen, Yangonetik Myityikina eraman gintuen hegazkinetik jaitsi bezain pronto izandakoa. Bihotza harri bihurtu zitzaidan hiriko merkatura sartu bezain pronto, den-denek beren lanak bertan behera utzi eta gure inguruan korroa egin zutenean. Inork ingelesez egiten ez zuenez, inoiz baieztatuko ez dudan arren, beraientzat gu han egotea ohorea zela sentitzen nuen. A zer nolako irribarrea marraztu zitzaien “jatetxe” hartako zerbitzariei han bazkalduko genuela jakin zutenean!

Hala ere, dena ez da arrosa kolorekoa eta Birmaniarren irribarre ezabaezinaren atzean ezkutatzen dena ere irakurtzen jakin behar da. Mundua horrelakoa zela banekien ere, bizitzan lehenengoz ikusi dut haurtzaroaz gozatuko ez duen umea, jo eta ke, baratzean lanean edo erditzeko gutxi faltako zitzaion emakume haurduna eguerdiko eguzki itogarriaren azpian errepidea asfaltatzen. Jabetu naiz, eta hau berria izan da niretzat, askotan gizonezkoak itzaletan etzanda dauden bitartean, herrialde azpigaratuetako ume eta emakumeek duten eginkizunez. Gizarte hauek ez lukete funtzionatuko fisikoki indar gutxiago duten horien lanarengatik ez balitz eta opari zein merituak beti gizonak jasotzen baditu ere, emakumea da etxearen eta familiaren ardura hartzen duena. Errealitate gordin honetaz gain, Birmaniako paretatan pintada bakar bat ere ez ikusteak harritu nau. Jakina da paretak margotzen ez dituen herria, herri hila dela. Ziur asko gobernu militarraren aurrekontuen ehuneko 25a armak erosteko erabiltzeak zer ikusia izatea guzti honetan, baita osasunari soilik diruaren %o,4a eta irakaskuntzari %1a bideratzea.

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Join the discussion No Comments

  • Zendo dice:

    Agur Birmania…

    (eskuminak zure Donostiako aitona-amonaren partez, haien etxean bazkaltzen nago eta hemen jartzen duzun guztia jakin nahi dute!!!)

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak