Connemara nere bihotzean titulua zeraman justu orain bost urte nere txoko pertsonal honen jaiotzea ekarri zuen lehen idatziak. 10.000m-tara Australiako Connemara hiria hegaz igarotzen nuen bitartean idatzitako lehen lerro haien bidez jaio zen Urrutiko Hitzak-en lehen bloga.

Sekula ere ez dut ahaztuko. 2011-eko urtarrilaren 10a zen eta oraindik ordu batzuk gelditzen zitzaizkidan Zeelanda Berrira ailegatzeko. Hilabeteak ziren zurrumurru eta txutxumutxuak kaleetan zehar bolo-bolo zebiltzala eta espero ez nuen momentuan, espero ez nuen moduan iritsi zitzaidan berria. Eguneko notiziak BBC-ko albistegian irakurtzen ari nintzela, zera irakurri nuen hegazkineko pantailan:

Eta calls “permanent ceasefire”
 
Basque separatists ETA call a permanent ceasefire in its fight for independence from Spain, but the Spanish governement downplays the statement.
BBC

Albiste haren arira etorriko ziren gertakariek erruz aldatu dute euskal gizartea eta batez ere, euskal politika. Gaur, gutxik jarriko dute zalantzan, duela bost urte atzean utzi nuen Euskal Herria eta gaur uzten dudana aski desberdinak direnik.

Denborak baino, ez du errukirik eta ingurua ez ezik, norbera ere eraldatzen du. Atzean uzten dudan Euskal Herria zeharo aldatu den moduan, duela bost urte nintzena eta gaur naizena ere, ez dira berdinak. Espero dezagun aurpegian zimur batzuk gehiago marrazteaz gain, pasa diren bost urte hauek, inguratzen nauen munduari erreparatzeko moduan ere aldaketak eragin izana. Espero dezagun, gaur munduaz dudan ikuspegia ordukoa baino zabalagoa eta sakonagoa bilakatu izana.

Gaur, duela bost urte bezalaxe, txoko honen bitartez, inguratzen nauen mundua nere ikuspegi propioaz zureganatzen saiatuko naiz. Zer ikusten dudan, zer pentsatzen dudan eta zer sentitzen dudan zure etxeko pantailara iristarazten.

Abentura berri honetan nere bidaide izango zaitudalakoan, besarkada haundi bat eta bueltara arte!!!

 

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak