Kolpanak bezalaxe, 9 urte ditu Taslimak. Laster da, pilatutako urteak bi eskuekin kontatzerakoan, hamarretatik hatz bakarra ezkutatzen Minara ere.

– My name is? – Galdegin digu gazteenak, harresi linguistikoak umeen imajinazio miresgarriaz eraitsiz.

– My name is Amaia
– …and my name is Jon. – Erantzun diegu edukazio osoz, lotsaren lotsaz eskuen atzean ezkutatzen diren hiru irribarre zabalei.
Negua denez, arroza-zelaiak lehor daude eta aste gutxi barru ikusten den guztia ur-azpian gelditu arte nahi adina leku dute jolasteko gure hiru lagun min-minek.

– Munduaren bukaeraraino eta buelta, behintzat! -esan digu Kolpanak, 200 bat metrotara alanbre eta arantzez marrazten den India eta Bangladeshen arteko muga paisaiatik ezabatuko balu bezala.

Bitartean, ixilik eta burumakur dago Taslima, 9 urteko gaztetxoaren burua zerbaitek urduritzen duela iradokiz.

– Etxeko behiak Indiara joan zaizkit bazkan egitera eta poliziarekin arazorik eduki nahi ez badut hobe dut nik hemen geratzea. -Aitortu digu azkenean, lasai ederrean jaten ari diren dozena-erdi behi hatz puntekin erakutsiz.

Antza, neguko sasoi honetan, behiek Indiako larre xamurragoak gustokoago dituzte eta arazo gutxi eta lotsa gutxiago dute bi herrialdeen arteko muga arantzatsuan zirrikituren bat aurkitzeko. Itxura denez, pasaporterik gabeko behiek ez dute Indian sartzeko inongo bisarik behar. Ez dute Dakha hiriburuko bulego batean bakarrik lortu daitekeen papertxo hori lortzeko 5 ordutako autobusik hartu beharrik. Ez dute funtzionario administratiboekin inolako elkarrizketarik izan beharrik. Ez dute askorentzat ordaindu ezinak diren tasak ordaintzeko obligaziorik. Dirudienez, pasaporterik gabeko behiek ez dute ulertzen ezinezkoa den burokrazia ulertzeko beharrik.

– Baina hori Indian behiak sakratuak direlako gertatuko da! – Saiatu naiz, umoretsu, Taslimaren aurpegia alaitzen.

– Nola izango da ba hori? Uda partean Indiako behiak dira-eta Bangladeshera jatera datozenak! – Bota du berak, etxera iristean aitatxok errieta egingo dionaren susmoa burutik kendu ezinik.

Kontuak-kontu, baliteke, noizbait aitatxok kontatu izana nola aitona gaztea zenean lur hauetan mugarik existitzen ez zen. Agian, Taslimak, Minarak eta Kolpanak eskolan ikasi dute, garai batean, India, Pakistan eta Bangladeshek muga eta gobernu berak partekatzen zituztela. Ziurrenik gure hiru lagunak gazteegiak dira II. Mundu Gerra amaitutakoan Britania Handiak haien Indietako kolonia uzterakoan berau hiru zatitan banatzeko arrazoiak ulertzeko. Hala ere, noizbait entzungo zuten, errietak-errieta, aspaldi erlijio ezberdinetako jendea elkarrekin bizi zitezkeela, hinduak eta musulmanak bizilagunak zirela.

Jakingo ez dutena da, kolonizazioaren amaierak ekarri zuen India eta Pakistanen arteko banaketak eta ondorengo bi herrialdeen arteko harreman kaxkarrek oraindik dirauten ondorio arriskutsuak ekarri zituztela. Minara, Kolpana eta Taslimak bezalaxe, gutxi dira bi herrialde hauek bonba nuklearraren jabeen klub murritzaren parte direla gogoratzen dutenak. Edonola ere, bada Bangladesheko ume guztiek eskolan ikasten duten zerbait, nola Britania Handiak Indietako koloniatik hanka egin zuenean, Indiaz gain, bata bestearengandik 2.000km-ko distantziak banaturik, bi erditan zatitutako beste estatu bat ere utzi zuen: Pakistan eta Ekialdeko Pakistan, zein bigarren independentzia gerra baten ondoren, Bangladesh deituko zen.

Bistan da ordea, Taslimaren behiek azkar gainditu dituztela historiak eragindako zauri eta minak eta inoizko bonba nuklear bortitzenek ere ez dietela mugaz haratagoko belar xamurra jateko askatasuna lapurtu.

– Harrapatzen baditut, ez dakizue nola emango diedan makilarekin! – Amorratu zaigu Taslima, etxera itzulitakoan, aitaren errieta ekiditeko behiak biltzera joaten uzten ez dion metraileta eta alanbrezko mugaren existentzia historiako pasarte zentzugabeei egoztea aitzakia baliagarria ez denaren jakitun.

– Egon zaitez lasai, ez da horrenbesterako. Esaiozu aitatxori, duela ez horrenbestera arte, ni bizi naizen lekuan ere, mugaren bestaldera gurutzatzen zuten pasaporterik gabeko behiak biltzeko, artzainek poliziaren baimena behar zutela. Gero, mugak eta poliziak joan ziren eta orain nahi duena libre da inongo baimenik gabe muga gurutzatzeko. Baino esan aitatxori ere, ibiltzeko kontuz, mugak eta metrailetak desagertu zirenetik behiak eta artzainak ere desagertu egin direla gurean. Eta behiak ez genituenontzat, baino mugarik gabeko gure herrian sinisten genuenontzat, aurrekoak baino harresi garaiagoak eraiki dizkigutela gure barruetan. Orain libre gara muga arazorik gabe gurutzatzeko baino nahiago dugu denbora munduaren beste puntatik datozen notiziak Facebooken irakurtzen pasa.

– Orduan aitatxori esan beharko diot behiei Facebook erabiltzen erakusteko, horrela ez dute-eta gehiago Indiara joan nahi izango! – Amaitu du Taslimak logika ezeztaezinarekin gure elkarrizketa, hiru gaztetxoak buelta-erdi eman eta algara batean etxera bidea hartu aurretik.

-Aizu kanpotar! – Ohiukatu dit aldentzen ari dela – Oso dibertigarria zara gero! Egon zaitez lasai. Indian hotz da eta gure behiei etxeko goxoan lo egitea gustatzen zaie. Iluntzerako etxean izango ditut! Nahi baduzu etorri bixitan…

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Join the discussion One Comment

  • xinboren dice:

    OOOOOOOOOOOOOOOOMMMMMMMMM M M M M M M M M M M M M M M m m m m m…………………hortxe
    MMMMMMMMMMMMMMOOOOOOOOOO O O O O O O O O O O O O O O o o o o o………………….hemen

    Besarkada handi bat pare!! Ea zuen berririk jasotzen dugun.

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak