Auskalo zertaz ari ginela, alkohol botilez lagundutako afalondo batean, zerarekin atera nintzaien, Bartzelonako pisukideei: «hain naiz, hain naiz, hain naiz perfektua, umila ere banaizela». Lagunartean botatako harropuzkeria hura benetan sinistu gabe utzi nuen, duela bost bat urte, Bartzelonako pisua eta ikasle bizimodu hura. Ordutik, ingelesa ikasteko lehendabizi eta plazerragatik gero, munduan zehar bidaiatzen erre ditut urteak, duela pare bat urte, afizioa ofizio bihurtu eta gida bezala lanean hasi nintzen arte.

Duela urte bi, Afrikatik itzuli berri, ezagutu zintudan zu ere. Eta erdi brometan, erdi serioski, lehen gau hartan sinatu genuen amodio-kontratu hartatik, argi utzi didazu nere sukaldatzeko abilidade kaxkarra eta komuneko tapa beti igota uzteko mania aguantatzen badituzu, elkarrekin munduan barrena bidaiatzera joateko kondizioarekin dela.

Gauza batengatik edo bestearengatik, bi urte itxoin behar izan ditugu, azkenean, motxilak soinean jantzi eta aingurak jasotzeko. Bidaia luze batean pasaporteari lehen zigiluak jartzera zentozen zu, bost kontinentetako herrialdeen izenez betetako errenkada luze baten amaieran, beste zenbaitzuk pilatzera ni. Begi guztien aurrean, profesionala zetorren hasi-berria irakastera, maisua bidaiatzeaz zekien guztia ikasle gogotsuari erakustera.

Azken finean, ni ere banegoen, motxilan pilatutako esperientziagatik, bidaiatzeaz dena nekiela. Ni ere banintzen, hain jaioa, hain trebea, horrenbesteko eskarmentukoa nintzela, ikasteko ezer gutxi nuela pentsatzen zuena eta maisuek izan ohi duten jarrera paternalistaz ekin nion nik ere abentura honi.

Baino, hara nola, ze denbora gutxian gauzak guztiz iraultzen diren. Nola hilabete exkaxean, maisua izan behar zuena ikasle bihurtu den. Nola ia-hasi berriak maisuari irakatsi behar izan dion. Meritua duzu gero, Amayi! Mundu osoan bueltaka egon denari beste mundu guztiz berri bat erakutsi diozu! Ez da lan makala bizitza osoan mutur-aurrean izanagatik ere, norbaiti guztiz inbisiblea egiten zaion mundua ikustaraztea.

Izan ere, ez da erraza zure lekuan jartzea. Hegazkin batean sartu eta Bangladesheko hiriburuan lurrartzerako kultura oso bat barneratu behar izan duzu. Zu izan zara, emakumea izatearen arrazoi soilagatik, janzkera oso bat, jarrera oso bat, eguneroko bizitzako ohitura denak aldatu behar izan dituena. Zu izan zara komentario desatseginak ekiditeko egun batetik bestera nere wife bihurtu behar izan duena edo komisaldegi batean, zure abizenak mantentzeko azalpen luzeak eman behar izan zituena: “baina nola, husband and wife bazarete, nola izango dituzu oraindik zure aitaren abizenak?”

Ausarta zara gero, Amayi! Edonora gindoazela ere, komentario-iturri izan zara, mila begirada izan dituzu beti zure gain eta facebooken neskalagun atzerritar bat dutela publikatuko duten hamaika gazterekin selfiak egiten aritu zara, momentuak hala eskatzen zuelako. Kalean gizonezkoak eta emakumezkoak zenbatzen lagundu didazu, konturatu nedin, alu bat zenbatzerako, bederatzi zakil zenbatzen genituela. Ahaztu egiten zaidalako, gogorarazi didazu, egin ditugun lagun guztietatik bakar bat ere ez dela emakumezkoa, edota bazkaldu eta afaldu dugun jatetxe guztietan zu izan zarela beti emakumezko bakarra.

Kontatu didazu ere, nik emakumezkoa izatea zer den jakin ezin dudalako, zer den nik lasai ederrean argazkiak ateratzen ditudan bitartean, zuk badaezpada beti alerta egon behar izatea. Kontatu didazu zer den beti gizon-artean egonda beldurrak guztiz ezin uxatu izatea, zer den begirada lizunak jasaten ari zarela sumatzea.

Nora gentozen oso ondo ez genekiela, ez duzu hasiera makala izan, balio dezala behintzat, helduko diren abenturak esperientziaren motxila astunagoaz igaro ahal izateko. Balio dezala behintzat, hain perfektua, hain perfektua, hain perfektua zen horri, sudur-puntan zuena erakusteko.

Hi five Amayi! Brave bat zara!

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Join the discussion One Comment

  • Aino dice:

    Joeeeee ekobidaiariii..txalo bero bat! Enekien zure idazle fazeta baino… jarraitzaile bat lortu duzu jejeje la sister de tu wife!jeje muxk pareja!!

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak