Nola idazten da Bangladesh?

Erabilgarria al da lengoaia desordena deskribatzeko? Ez al da ezinezkoa kaosa gramatikaren zurruntasunaz adieraztea? Definitu al daiteke anarkia lege zorrotzak darabiltzan hizkuntza baten bitartez? Nola esan, nola egin, nola konpondu, definizioz nahas-masa, desordena, anabasa den kaosa, ordena, legea, zurruntasuna den gramatikaz azaltzeko? Zein hitz, zein gramatika, zein adjektibo erabili zentzumenek jasotakoa aditzera emateko?

Azken batean, nola kristo idatzi Bangladesh?

Izki larriz idazten da BANGLADESH!!! Maiuskulaz eta harridura ikurraren laguntzaz. Ezin zitekeen letra xeheaz idatzi isilik egoten ez dena, bakean dagoena, zaratarik ateratzen ez duena, tinpanorik urratzen ez duena. Trafikorik gabe, klaxon eta txinoetan erositako tutu hots barregarririk gabeko sirenarik gabe, harridura ikurrez idazteko beharrik izango ez lukeen moduan.

Bangladesh ordea, bangladeshbangladeshbangladesh ere idatz zitekeen. Espaziorik gabeko letra-zopa Dhaka hiriburuko edozein kaleren metaforatzat ulertuz. Planifikazio urbanistikorik gabeko hiri erraldoi bateko abenida ez horren zabaletan milaka ibilgailuk denak aldi berean pasa nahi dutenean, bakarra da legea autobus, kamioi, auto, rikshaw, mini-taxi, kalesa, asto, zein oinezkoentzat: egin nahi duzuna baino ez zaitzatela inoiz aurreratu; zirrikiturik bada bitan ez pentsatu; balazta zapaltzea galtzaileentzat da.

Edo pluralean idatzi: BangladeshAK. Jendea, jendea eta jendea. Jende gehio, jende gehio eta oraindik ere jende gehio. 150.000km2, 158 milioi biztanle, 1000 pertsona/km2-ko, Inongo jendetza kontzentraziorik altuena, inoizko pribatutasunik urriena. Bangladeshen ez da ez etxeko aterik, ez ezkutatzeko tokirik, ez norberaren espazio propiorik. Bangladeshen ez da bakardadea baino luxu eskuraezinagorik.

Horregatik, B A N G L A D E S H ere idazten da, nolabaiteko espazioa aurkitu nahian toki aldatze amaigabe batean etengabe aurrera eginez. Ezin sekula toki berean egon. Edo ├▒abardura batez, ezin sekula toki berean eta bakarrik egon. Gelditu zaitez instant batez eta gainean izango dituzu lagun bat edo bi, gelditu zaitez minutu batez eta inguratuko zaitu ejertzito batek.

Bide batez, gorri eta urdinez BANGLADESH ere idazten da, Bartzelonaren kolorez, telebistako izar handien kolorez, Mesiren kolorez. Baino ez zaitezela gramatikaren akatsetan erori, ez itzazu subjektua eta objektua nahasi. Bangladeshen izarrak lurrera jausten dira eta Mesi ez da Mesi. Mesi zu zara. Zu zara izarra. Zu zara jainkoa. Zu zara idoloa. Edonora zoazelarik ere ezagutuko zaituztena. Oharkabe pasatuko ez dena. Zu zara autografoak sinatu behar dituena. Zure fan-ekin selfiak egin behar dituena.

Eta nola ez, gaztelerazko gramatikan Bangladesh, BangladeshO idatzi beharko litzateke, euskararen gramatikak bereizten ez duen genero maskulinoan jarriaz azpimarra. Gizonezkoak inbaditu duen gizarte honetan emakumezkoak ez du tokirik. Gizona da etxeko nagusi eta espazio publikoaren jabe. Gizona da xoxen kudeatzaile eta familiako agintari. Gizona da ongiaren eta gaizkiaren neurri eta Jainkoaren mezulari. Gizona gizona da eta emakumea gizonaren gehigarri.

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Join the discussion 2 Comments

  • Joxan Garaialde Manterola dice:

    Bada, egia esan, ez dakit nola idazten den, hala ere, zalantza daukat a itsatsia ez ote duen behar, Bangladesha ez ote litzatekeen hobeto geldituko. Inguru horretan zabiltzatenez, bertakoei galdetzea ondo legoke, hori bai, ondo esplikatu a itsatsiaren gaia, ez baita oso argi. Hori guztia ondo ulertzen badute euskalherritarrekin hurbiltasuna sentiaraziko die, eta guri haiekiko ere.

    • Aupa Joxean!!! Oraintxe irakurri diat hire komentarioa…ikusten dudanez munduko latitude horietan oraindik ez duzue umorerik galdu!! Ta egon lasai, a itsatsiaren kontua primeran harrapatzn dute-ta hemen, bengaliarra euskara bezain konplikatua denez gazteleratik datoztenak baino arinago ikasten dute hauek euskaraz!! Besarkada bat eta eutsi jator!!

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak