Aitzakiak-aitzaki, denbora luzez idatzi ez dudanez, zail egiten zait Kamboian pasatako hilabetea lerro gutxitan laburbiltzea. Hala ere, bi gauza nabarmenduzko nituzke: herrialde honen historia isildu eta harrigarria ezagutu izana eta hilabetez jasan behar izan dudan gaixotasun psikikoa.
Lehenengoari buruz nondik hasi? XIII. mendean milioi bat biztanleko hiria sortu eta inoiz eraiki izan diren tenplu zoragarrienetakoak altxatzea lortu zuen erresuma boteretsutik? Edo duela hiru hamarkada biztanleriaren laurdena akabatu zuen Pol Poten garai ilunetik? Bi garai hauen artean denbora asko igaro bada ere, zail da esplikatzen herrialde honek jasan duen gainbehera. Kosta egiten da duela zortzi mende Angkor Wat-en inguruan izugarrizko zibilizazio aurreratua sortzeko gai izan zen herria, gaur egun munduko hamar herrialde pobreenen artean dagoela sinestea. Ez dakit inoiz, dekadentzia honen arrazoi nagusietakoa izan den Pol Poten gobernuak ezarritako doktrinaren nondik-norakoak ulertzera iritsiko naizen, baino gobernu horrek hiri guztiak hustea, dirua debekatzea edo familia egiturak deuseztatzea erabaki zuela jakiteak, lana nekezagoa bihurtzen du. Gauzak horrela, oraindik ere, urte beltz haiek utzitako hondarrak nabariak dira egungo gizartean eta duela hiru hamarkada, heziketa minimoa zuen pertsona oro akabatua edo deserriratua izana, zama astunegia bilakatu da aurrera begiratu nahi eta ezin duen herriarentzat. Kamboiako UNICEF-en arduradunak ezin hobe laburbildu duen bezala, Hope is for the unborn (esperantza oraindik jaio ez direnentzat da).
Eta hasieran aipatutako gaixotasun psikologikoari buruz berriz, lasai egon zaitezke ama, ez duzu zertan arduratu beharrik (edo bai?). Ez dut uste ezer larria denik baino…medikuek Estokolmoko sindromea dudala diote, hau da, pertsona gatibatu batek bere bahitzaileen arrazoiak konprenitu eta haiekiko miresmena pizten duenean sortzen den desoreka mentala. Nire hiru astetako giltzapetzearen ondoren, esan dezaket gartzelazain izan dirtudanak, orain amatxo-berri bihurtu direla eta janaria oparitu eta hilea mozteaz gain, uste dut bahitu profesional bilakatzeko nahia ere piztu didatela. Ohitzen joan beharko zarete guraso maiteok!!!

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Join the discussion No Comments

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak