Izango gara esploratzaile eta jolastuko dugu hainbestetan inbidiaz ikusi izan ditugun National Geographic-eko erreportaiak imitatzera?
Urtetan inguruko mendietan herriz-herri ibilitako irakaslea kasualidadez ezagutuko dugu eta haren inguruaren ezagutza probestuz, hiru egunez egingo dugu tximino, armiarma, erle, hartza eta tigreek zaindutako ohian estuan barrena. Bidean hamaika etnia ezberdinekin egingo dugu topo eta gizon zuria lehenengoz ikusten dutenekin aurkitzerakoan, irakaslea bertako zortzi hizkuntzetan jarduten delaz baliatuz, emakume eta ume izutuei gu espiritu maltzurtzat ez hartzeko esango diegu. Herrixkako buruzagiaren etxolaz galdetuko diegu eta bertara iristerakoan, bisitarioi ongi-etorria eginaz, bazkal aurreko zeremonia bi arroz whisky edanez hasiko dugu. Otordurako haragirik ez edukitzeagatik barkamena eskatuko digu eta ondoren, arroza zenbait mendiko barazkirekin bazkalduko dugu. Motxilan eramango dugun txardina lata eskainiko diogu guk eta txoratuta, begiak zabal-zabalik dituelarik, arraina lehen aldiz ikusten duela aitortu. Bukatutakoan, banbu enborrez egindako ur-pipan tabakoa erreko du eta bere etxean gu edukitzea ohorea dela esango. Plazerra gurea dela erantzunez agurtuko dugu guk. Bideari ekin aurretik, medikuetara ere jolastuko dugu eta edozein sendagilek dozena bat puntu josiko zizkion neskatoaren belaunean, eramango dugun mekromina apurraz zauria garbitu eta gero, paperezko lau puntu itsatsiko ditugu. Gure sendabide teknikaz odoljarioa eten eta bizkarrean motxila jantziko dugunerako, aurpegi txundituaz, adi-adi edukiko dugu herri osoa, zerutik jaitsitako izakiari so baleude bezala. Miresmen jainkotiar honek ostera, denbora laburrez iraungo du, goizean botatako euriak lurra lohitu eta maldan behera estropezu eginez goitik-behera zikinduko garen arte. A zer barre algarak entzun beharko ditugun! Akabo gure ohorezko agur amestu hura!

Ibilean berriro, antropologo eta linguista izatera ere jolastu genezake. Irakasleak kontatuko digu tribu indigena hauek urtero mendi zati bat landarez garbitu, erre eta arroza landatuz bilatzen dutela euren sostengua. Lurra modu natural eta jasangarrian ustiatuz, behin erabilitako zorua hogei urtez lugorrian edukiko dute eta ondorioz, bizitokia lan-eremutik gertu izan nahi badute, herria ere urtez-urte tokiz aldatu beharko dute. Nolanahi ere, herri sasi-nomada bakoitza ez da bere zonaldetik urrunegi mugituko eta alboko herri eta jendearekin kontaktua eskasa izango da. Mendez-mende iraungo duen isolamenduaren ondorioz, esparru oso txikian hamaika kultura eta hizkuntza oso desberdin garatuko dira, herrien arteko komunikazio eta tratua gehiago zailduz. Bidean aurrera egin ahala, gure begiez jabetuko gara bost edo hamar kilometro egin orduko, bertakoen janzkera, hizkuntza, sinismen eta ohiturak ere aldatu egiten direla. (Eta nik uste nuen gure Euskal Herri txikian hainbeste euskalki edukitzeak linguistek bitxikeriatzat zutela!)Ilunabarrean, tradizio-legez buruzagiarenean ostatu hartu eta afalondoko zeremoniak bukatutakoan, grabitateari gehiagoz ezin eutsirik, Newton-en burua golpatu zuen sagar umotu horren antzera, gure gorputzak ere, ohean amilduko dira. Eta orduan, asmatuko ez dugun arrazoiren batengatik, gure buruak itsaso zakarrean olatu erraldoiek astinduko txalupatxoa bezain aldrebestuak sentituko ditugu. Baliteke nahasmen honen jatorria eguzki ordu guztiak aprobetxatuz, atsedenik gabe oinez egitea izatea; izan liteke ere, herriko txamanarekin lurrean etzanda opioa erre eta erretzeak gure barneak sorgintzea, edo baliteke, herriko gizonek bertako emakume batekin oheratzeko gonbitak gorputza nahastea. Nola edo ahala, begiak itxitakoan, laino beltzek ekarritako tumoi zein tximistek harrotuko dizkigute buruak eta ez digute errealitatea ilusiotik bereizten utziko. Beharbada, bizitakoa noizbait telebistan ikusi eta garuneko zokoren batean gordetako dokumental baten oroimen soila besterik ez da izango, edo igual, gaixotasun tropikal batek eragindako sukarraren ondorioz sortutako fantasia hutsa.Baino agian…dena ametsa besterik ez da izango.

Argazki galeria ikusi.

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Join the discussion No Comments

  • Zendo dice:

    Baina zer da, ametsa, fantasia, asmatutako bidai bat, ala egia benetakoa? Zeren egia izanik, harrigarria da gero! Eta egia baldin bada, mesedez ez ezazu esan non gertatu den.

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak