Baliteke herrialde hau betiko bihotzean eramango dudala esatea hippy-egia izatea, erromantikoegia. Agian nahikoa da inoiz ahaztuko ez dudala esatearekin. Hala ere, badakit montzoi garaian lehen eurijasek hilabete luzez lokatz lehortuan pitzatutako aztarna guztiak minutu gutxitan ezabatzen dituzten bezala, nire oroimenaren kaduzidade data iogurrarena baino laburragoa dela. Ziur nago aste, hilabete edo optimista izanda, urte gutxi barru, ez naizela Birmaniako paisaia, monumentu edo museo bakar batez oroituko. Egunsentian, eguzkiak hodeiertzean gora egin ahala, Inle lakuaren ur lauaren kolore aldakorrez, edo Bagan-go lau mila tenpluen izenez, ez naizela akordatuko. Izan daiteke ere, Myitikyinan, argi indarrik gabeko gau ilunean, gazte jator haiekin hotzak akatu arte kantatu genituen kantuen izenez ez oroitzea. Ezta herriz-herri ongi etorria egin diguten etxeetan edandako tearen zaporeez ere. Edo Mandalay-go txoko ezkutu guztiak erakutsi ziguten bi monjeen eta Katan mandarina poltsa osoa oparitu zigun agurearen izenez ere.

Baino nola ahaztu Birmaniarren irribarreaz? Nola ahaztu eskaini didaten agur alaiez? Joango zait noizbait burutik odontologian masterra egiteko unibertsitaterik onenak Myanmarrgo herrixka txikietan daudela?

Birmaniarrek sarritan egiten duten arren, hiru barre mota bereizi ditut. Lehena, ohikoena, gizon-emakume lotsatiek eskaintzen dutena da. Birmaniarra lotsatia baita berez, eta ez da gai turista bat ikusi bezain pronto, ahoko hortz ilara luzeak erakusteko. Hala ere, edozer egingo du turista beregan fijatu eta gure begiradak gurutzatu daitezen. Eta gertatzen denean, gure begiek topa egin eta turistak irribarre inozoz erantzuten dioenean, lehertzen da dena. Orduan egiten du eztanda Birmaniarraren irribarreak bere handitasun osoan.

Bigarrena umeena da, aurrek ez dute inoren baimenik espero eta lotsagabekeriaz, inoren beldurrik gabe, izugarrizko barre oihuak egiten dituzte. Baino zoragarriena, ulertezina izateagatik xarmagarriena, gure lehen mundu honetan erokeria edo gaixotasun mentalekin lotuko litzatekeena, bakar-bakarrik, inolako arrazoirik gabe barre egiten dutenena da. Ez da ohikoena izango, baino ez da ikusten arraroa ere: eguzki gogorraren azpian oinak lokatzetan murgilduta arroza landatzen ari den emakumearena; kea darion tximinia baten ondoan, hankak beltzatuta, errepidea asfaltatzeko galipota prestatzen ari den agurearena edo trapuz egindako pilota bat ostikoka jotzen duen mutikoarena.

Agian gauza asko ahaztuko zaizkit, baino Birmaniarrek oparitu didaten goxotasuna betiko geldituko zait nire barruetan聽 harrapatuta. Horretaz behintzat ziur nago, hori ez dit denborak lapurtuko.

Notatxoa Malenentzat:
Memoriaz, memoriaz eta memoriaz. Internet ordaindu eta gosaltzera nindoala, egutegi haundi bat ikusi dut ciberrean, zahartzeagatik ospatzen dugun festa zuri ere iristen ari zaizula gogoratuz. Hurrengo bi, hiru edo lau egunetan autobus zalapastroso batean Birmaniako errepide zulatuetan gongo naizenez, hobe gauzak berandu baino lehen egin eta oraintse bertan belarrietatik tiratzen badizut.

MILA ZORION ETA TXOKOLATEZKO 22 MUXU!!!!!!!

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Join the discussion No Comments

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak