Bosgarren eguna da berriro mendiko aterpeak etxe ditudanetik. Karamea eta Leslie ibaiak elkartzen diren bazterrean nago gaur, euriak teilatuan etengabe nola kolpatzen duenari adi. Ibaiak ekarritako egur mordoa pilatu ostean, duela ordu batzuk piztutako suak barrua berotu du. Honezkero, hiru ordu igaro dira ilundu duenetik eta erosi berri dudan erlojuak gaueko zortzi terdiak direla markatzen du. Duela astebete, mugikorra bateriarik gabe gelditu zenetik, zein egunetan bizi naizen ez dut oso argi, beharbada maiatzak 10 izango da, edo 11 edo agian 12. Karamea herritik larunbatean abiatu ginela autostop egiteko egun zailagoa zelako dakit (kotxera bederatzi egunetako ibilaldiaren ostean itzultzeko asmoa daukat). Hatzekin kontatuz, asteazkena izan behar duela suposatzen dut beraz.
Suerteko naiz azken unean ibilaldi hau egiteko adiskidea topatu nuelako. Jason-engatik ez balitz, mutu izango nintzake azken bost egun hauetan. Bideari ekin genioenetik ez dugu inor aurkitu eta eguraldiak hala jarraitzen badu, ez dugu gure zoria aldatuko denik uste.
Eltzekada bete kuskus afaldu dugun bitartean, nire lagun estatubatuarrarekin aritu naiz solasean. Hizketa-gai askotarako izan dugu denbora. Nola ez, neskaz mintzatu gara lehenik. Hala ere, sei urte zaharragoa izanik, nik baino hamaika kontu interesgarriago ditu Jasonek kontatzeko. Gizonezkoetan ere hain tipikoak diren futbola edo motor kontuak aipatu gabe, gure etorkizuneko asmoez jardun gara gero. Epe laburrera begira eta zibilizaziotik bi egunetara gaudela gogoratuz, helmuga aldatu behar dugula iradoki dugu. Motxiletan 80km baino gehiago garraiatu eta beste bost edo sei egun gehiagorako gelditzen zaigun janariarekin probetxuko zerbait egin behar dugula erabaki dugu.
Epe ertaineko proiektu eta zalantzaz ere aritu gara. Erantzunik gabeko galdera egin diogu norberak bere buruari eta isilean egon gara une batez etxera noiz itzuliko garenaz gogoeta eginez. Ni izan naiz isiltasuna apurtzen lehena eta Euskal Herrian udaberria iritsi dela kontatu diot. Termometroek gora egin eta euriak atertzeaz gain, udaberri politikoa ere iritsi dela gurera, negu hotz eta luzeegi baten ondoren kimu orlegi indartsuak hazten ari direla, sustraietara itzultzeko garai polita dela eta etsaminak ere zain dauzkadala azaldu diot.
Hala ere, nire barruak oraindik hemen jarraitzeko eskatzen ari didala egoki azaltzeko, ez dut hitz aproposik bilatu. Agian existitzen ez diren hitz batzuen bila nabil. Nola azaldu familia, lagun eta erroetatik hain urruti egon eta bueltatzeko gogorik ez izatearen arrazoia? Jasonek hartu du hitza orduan eta tinko eta irribarretsu nire adinarekin zalantza berdinak eduki zituela onartu dit. Azken urteotan galdera zail honen erantzuna bilatu nahian ibili dela esan dit: lehenik, sei hilabete Alaskan; gero, Hegoafrikara joan baino lehen, urtebete Samoan; Mongolia, Hego Amerika, Txina, Japon…etorriko ziren gero. Oraindik baino, ez omen da galdera horri erantzun egokia emateko gai. Isiltasuna etorri da berriro gero eta bakoitza bere barruekin aritu da elkarrizketan.
Gabon Jason. Gabon Jon

 

 

 

 

 

Guraso maiteok, zergatik ez zenidaten 10zm altuago egin?

 

 

 

 

 

 

Jason zubi ingeniari gisa lanean. Historiak irakatsitako ikasgaiak ahaztu omen zaizkio baino. Egurrezko zubi primitiboa eraikiz bi hankak busti zituen Jasonek, harrizkoa eginez, bakarra nik, bi hankak lehor mantendu nahi badira, norbaitek altzairuzkoa eraiki arte itxoin beharko.

 

 

 

 

 

Agian ez nago etxetik hain urruti, beti egongo naiz Ortzadarren batetik gertu. Aupa Alkaindarrak!

 

 

 

 

 

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak