Zuloz eta harriz jositako bidean gora doa, emeki-emeki, zimurrez jantzitako amonatxoa. Inongo mendi garaienen magaletako bailara malkartsu, ezkutu eta urrunean, nekez gerturatzen diren turistarekin gurutzatu denean, tinko jarraitu dio bere bideari, pausoan sendo. Gogortxu negarrez ari diren hodeien euripean, poliki-poliki jarraitu du maldan gora agureak, mamu sentitzen de turista adi-adi begira zaion bitartean. Eta bat-batean, eskuak bizkarraldean gurutzatuta, isil-isilean hitz egokiak kateatzen aritu den bertsolariaren antzera, mikrofono ikusezina golpe pareaz probatuz, zera esan dio turista gazteari: Goodbye!!

Amonak ez daki ordea, turistari bide luzea gelditzen zaiola orain etxera. Jeepean bost orduko bidea lehenbiziko herri koxkorreraino, handik beste lau lehen hirira eta sei gehiago tren geltoki hurbilenera. 55 bat ordu egin beharko ditu gero trenez aireportura iristeko gelditzen zaizkion 3000 kilometroak burutzeko. Handik, hegazkinak Cairo-ra eramango du eta nekatuta iritsiko denez, bertan 20 orduz lo egiteko astia izango du Madrilera eramango duen hegaldia hartu aurretik. Bidaia luze bateko azken muga autobusean gurutzatuko du eta ekainaren 22an iritsiko da azkenean hainbeste maite duen bere Euskal Herri maitera!

Author Urrutiko Hitzak

More posts by Urrutiko Hitzak

Leave a Reply

Urrutiko Hitzak